¡Ultra Kalitatea!

Badira pare bat aste Las Vegas­eko CES azoka amaitu zela. Kontsumo Elektronikaren Nazioarteko Azoka da eta bertan, urteroko ohiturari jarraituz, sektoreko multinazionalek beraien nobedaderik txundigarrienak aurkezten dituzte. Edizio honetan 4k edo UHD kalitateko telebista berrien arteko gudan egon da arreta gehiena. Baina, nahiz eta argi egon gutxi batzuen poltsikoek bakarrik jasan dezeketela telebista hauetako baten erosketa, edukiak prest al daude?

Gai honetan trebaturik ez daudenentzat, 4k edo UHD terminoek zinema digital eta infografian erabiltzen diren erresoluzio berriei egiten diete erreferentzia. 4 zenbakiaren erabilera erresoluzio honek dituen pixel horizontalen kopuruarekin dago lotua, gutxi gora behera 4000koa delarik. Ulertzearren, erresoluzio berri hau gaur egun gehien erabiltzen diren gailuen erresoluzio hoberena baino 4 aldiz handiagoa da. Harrapazank.

Ezbairik gabe, mota honetako telebistetaz behar den bezala gozatzeko, erreproduzitzen den edukiak erresoluzioaren arloan eskutik joan behar du. Gai honetan adituak diren askok 4k motako edukiak oraindik oso urriak direla azpimarratzen dute. Telebista hauek erreproduzitzen dituzten bideo edo irudiak aurkezpenetarako preseski grabaturik izan diren edukiak izaten dira. Oraingoz behintzat, gure inguruko azpiegiturek mota hontako edukiak zabalkundea oztopatzen dute.

Formatu fisikoa

Gaur egungo geruza bikoitzeko Blu Ray­ek (edukiera handiena dutenak) 35GBko edukiera dute. Sarean apur bat saltseatuz, 4k kalitatean grabatu diren lehen filmeak 160GB inguru okupatzen dituztela bila dezakegu. Arazoa non dagoen argi dago ez? Disko fisikoen kasuan behintzat, ezinezkoa da gaur egun kalitate hau duten filmeak formatu fisikoan saltzea.

Formatu digitala

Formatu fisikoaren egoera nola dagoen ikusita, 4k kalitatea duen edukia zabaltzeko aukera bakarra formatu digitala erabiltzea da. Eta hau, kasu batzuetan behintzat, posible da. Eduki hau gure ordenagailura internet bitartez jeitsi beharko genuke, kanpoko disko gogor batean gorde, gure supertelebistara konektatu eta ikuskizunaz gozatzea posible litzateke.

Baina zuzeneko seinalearekin zer gertatzen da? Brasilgo Munduko Futbol Txapelketaren finaleko partidua 4k kalitatean ikustea posible da? Internet bitartez ikusten saiatuko bagina, hainbat ikerketen arabera, 50 megabiteko konexioa erabili beharko genuke irudia geldiunerik gabe eta kalitate osoz ikusteko. Eta hau, Espainiar Estatuaren kasuan, ia ezinezkoa da dagoen azpiegitura "zoragarriari" esker.

Lurreko telebista digitalaren seinaleen espektru irrati­elektrikoak erabili nahi izanez gero, gaur egungo kanal asko kendu eta hauen seinaleak erabili beharko lirateke, beti ere edukia asko konprimituz, HD kanalekin gertatzen den bezala.

Eta erabiltzailea?

Iruzkintzen ari garen gaiaren alor teknologikoak pisu asko dauka, baina ikusle/kontsumitzailearen iritzia ez da ahaztu behar. Maila komertzialean, pelikula bat bakarrik ikusi izan da normala baino kalitate hobeagoarekin, El Hobbit trilogiaren lehen filmea. Filme hau 48 FPS­tara (segunduko frame kopurua) grabatu zen eta formatu honetan erreproduzitzean jende askok irudi artifizialegiak zirenaren sentsazioarekin utzi zuten zinema. Kontutan hartzekoa da abenduan estreinatu zen bigarren filmerako irudiaren kalitatea gutxitu zutela aurrekoan jaso zituzten kritiken ondorioz.

Argi dago "ultra" kalitatea hemendik urte batzuetara hedaturik egongo dela, gehien bat jendeak erresoluzio honetako telebistak sekulako dirutzak gastatu gabe erosteko aukera duenean, baina espero dugu 4k kalitateko edukien hedapena hobetzea ere esperientziak merezi duen modukoa izateko.