NUI-ak eta berauek ahalbidetzen dituzten gailuak

Garoako sotoan lanean ibiltzen diren pertsonen taldekide berria naiz, Jon Ercilla. Sarean, eta lagunen artean, Ertzil bezela ezaguna. Informatikan ingeniaria eta teknologia berrien zale amorratua izanik, nire estreineko post hau, Erabiltzaileen Interfaze Naturalen (Ingelesez Natural User Interface edo NUI) ingurukoa izango da. NUI-a ordenagailu, aplikazio, etabarrekin, sarrerako gailu elektroniko edo mekanikorik gabe elkar eragitea ahalbidetzen duen interfazea da. Hauen adibide batzu ahots edo giza mugimenduen bidez kontrolaturiko sistemak izan daitezke.

Azken urteetan interakzio mota honek sekulako aurrerapausuak eman ditu, ukimen ahalmena duten pantailak, ahots bidezko errekonozimentua, gorputzaren mugimenduarekin jolas daitezkeen bideojokoak,... guzti hauek adibide gutxi batzu besterik ez dira. Interakzio mota hau egia bihurtzea ahalbidetu duten gailu garrantzitsuenen sailkapen bat egingo dut, deskribapen txiki batekin.

Microsoft Kinect

2010 urtearen amaiaren atera zen argitara XBOX 360 bideokontsolaren parte bezela. Bere zati diren sentsore, kamara eta mikrofonoei esker, erabiltzailearen mugimendua, gorputzaren posizio, ahots eta aurpegiaren egoerari buruzko informazioa eskuragarri jartzen zuen ordenagailuarentzat.

Nahiz eta hasiera batean bideojokoetarako pentsatua egon, komunitateak beste motako aplikazioak egiteko erabili zuen Kinect-a. Youtuben milaka bideo aurki daitezke garatzaileek eginiko aplikazioekin, hauek izanik gehien ikutu diren esparruak:

  • Medikuntza
  • Bideojokoak
  • Publizitatea
  • Salmenten sustapena


Urte honen amaiaren, Kinect-aren bertsio berria aterako da XBOX ONE bideokontsolarekin batera. Bertsio honek sekulako hobekuntzak dakartza bere “arbasoa”-rekin alderatuz eta horrelako “tramankuluak” gustatze zaizkigunok irrikitan gaude eskuartean edukitzeko.

Leap Motion

Kaxatxo miragarri hau Maiatzean jarri zuten interneten salgai. Edozein Mac edo PC-ri konekta dakioke eta honen bitartez erabiltzaileak ordenagailu aurrean egiten dituen esku eta atzamarren mugimendua jaso daiteke.

Honek zer ahalbidetzen du? Ukigarria ez den edozein monitore ukigarri bihurtzen du. Gaur egun horrelako beste edozein sentsore baino 200 aldiz zehatzagoa da. Gainera berau garatzen duen enpresak akordioak egin ditu hardware eta software enpresekin teknologia hau bultzatu asmoz. Beraien web orrian aplikazio ezberdinak eskuragarri daude probak egin nahi dituen ororentzat.


MYO

Sentsorez josia dagoen besoko hau jazten duek orok, beso eta eskuaren mugimenduen bitartez edozein gailu kontrolatzeko ahalmena eduki dezake. Muskuluen mugimendua antzeman dezake eta informazio hau da ordenagailuak prozesatzen duena atzamar bat, eskumuturra edo besoa alde batera edo bestera mugitzen duen ala ez jakiteko.

Beste bi gailuak ez bezala, besoko hau edozein ordenagailu edo telefono mugikorretara konekta daiteke Bluetooth bitartez. Adibidez, telefono dei bat jaso dezakegu eskuarekin telefonoz ari garenaren itxurak egiteko erabiltzen dugun keinua eginez bakarrik.

Kickstarter programaren bitartez finantzatu da eta lehenego unitateak 2014aren hasieran ailegatuko zaizkie erreserbaturik dituzten garatzaileei.


Teknologiak duen abiada ikusita, laister izango naiz berriz gai honen inguruko beste post bat idazten...

Ondo segi!!


kinect   nui