Harpidetzan oinarritutako negozio ereduak

Zergaitik aukeratu zenuten e-commerce eredua? Zoritxarrez, galdera honek gutxitan jasotzen du bezeroaren aldetik erantzun garatu bat. Negozio online batean sartu aurretik, garbi izan behar dugu gure webguneak ez duela derrigorrez kaleko negozio bat bezala funtzionatzeko inongo beharrik. Gure dendan egitera ausartzen ez garena agian Interneten egin dezakegu.

Milaka produktu eskeintzen dituen e-commerce bat muntatu aurretik, behar beharrezko da Interneten zein negozio eredu erabiltzen diren eta momentu bakoitzean zeinek funtzionatzen duen. Denok dakigun bezala, Internet guztiz aldakorra da eta negozio eredu egokia aukeratzeak gure bide digitalaren arrakasta baldintzatuko du.

Post honetan harpidetzan oinarritutako negozio online ezberdinak erakutsiko ditugu. Jakingo duzuen bezala, harpidetza ereduak produktuak banan-banan saldu beharrean, denboraldi jakin baterako (aste edo hilabetero adibidez) produktu edo zerbitzu baten eskeintzen du, erosketa puntual bat aldizkako erosketa bat bilakatuz. Hemen zerrendatzen ditugu suskribzio ereduan oinarritutako webgune batzuk:

Wineissocial: ardozaleentzat sorturiko sare soziala. Hilabeteko 19 euroko harpidetza batekin, sommelier batek aukeratutako 2 ardo jasotzen ditu bezeroak hilabetean. 2 ardo hauek lehenik bezeroak ezarritako gustuen araberakoak izango dira, hau da, zerbitzu pertsonalizatu bat eskeintzen da.

Man Packs: manpacksek bere harpidedunei beraien etxean gizonentzako lote ezberdinak jasotzeko aukera eskeintzen die; galtzerdiak, galtzontziloak edo barruko kamisetak. Lotea jasotzeko aldizkakotasuna erabiltzaile berak ezartzen du. Manpacksek eskeintzen duen produktu tipología oso egokia da harpidetza eredurako, eredu honek gizonezkoen artean emaitza hobeak ematen baititu.

Fancy box: Fancybox zaintza pertsonal eta estetika produktuak eskeintzen dituen enpresa ezagunenetako bat da. Estetika produktuak eskeintzeaz haratago, bezeroak prezio askoz ere merkeago batean bereganatzen ditu.

Craft Coffee: Kafezaleok garenentzako harpidetza aproposa. Hilabetean behin munduko leku ezberdinetan egiten den kafea jasotzeko aukera izango duzu zure etxean.

Smithfield Case: Smithfieldcase webgunean, erabiltzaileak bere erropa estiloaz inguruko galdera ezberdinak erantzun ostean, estilista batek erropa kaxa pertsonalizatu bat osatuko du eta erabiltzailearen etxera bidali ezer ordaindu gabe aldez aurretik. Erropa-sorta etxean jasotakoan, bezeroak probatu eta aukeratu ahalko du zer gustatzen zaion eta zerrekin geratuko den, eta ez zaiona gustatu bueltan bidaliko du. Kaxa Smithfieldcasen jasotzen dutenean, bezeroak aukeratu dituen erropak kobratuko dizkiote soilik.

Pet Secret: Etxean animaliak dituztenentzat. Hilabetean behin bezeroak bere txakur, katu edo txoriarentzako produktu ezberdinak jasoko ditu; garbiketa, zaintza edo jakiak.

Zerrenda luzeago bat osatu genezake, baina adibide hauek nahiko bereizgarriak badira dagoeneko ikusteko nola sektore ezberdinetan harpidetza ereduak posible diren. E-commerce bat muntatu aurretik, buruari eman, zure bezeroaren nahiak aztertu eta galdetu zaitezte ea nolabait e-commercea baino haratago joan zaitezketen.


negozio-ereduak   harpidetza-eredua